ASKATASUN DEIA DABIL

Umetan bizitzen diren gertaera batzuk betiko geratzen dira barruan; nire kasuan, Bergarako alkateen biltzarraren lekuko izan nintzela mutil koskorretan. 12 urte neuzkan Ariznoa plazako bilkurara joan nintzenean. Aitak eraman ninduen. Egia esan ez naiz gogoratzen zer pentsatu nuen baina argi geratu zitzaidan zerbait handia ikusi nuela Bergaran. Gaur gogorarazi nahi izan dut transmisioa funtsezkoa baita, izan ere, katea etengo ez bada.

Jendetzaz oroitzen naiz, gizon helduak ikusi nituen, emakume bakan batzuk ere bai, eta hego Euskadiko lau lurraldeetatik etorritako alkate eta zinegotziak. “Principios Fundamentales del Movimiento” haiek zin egin behar izan zituzten, baina Bergaran elkartu ziren antzinako euskal Foruen eta haietan jasotako askatasun-eskubideen aldeko defentsak bultzatuta. Ez denborak ez zapalketak ez zuen ezabatu haien memoria eta kontzientzia. Askatasun egarria zegoen, eta Foruak gure lurraldeetako askatasunen bilduma osatzen zuten, herriaren nahiaren kontra kendu zizkigutenak. Urte haietan amets handia zen askatasuna, artean, gorpuztu gabea.

Urtea bete gabe Franco hil zela, Canovasen Espainiako Gorteek Foruak indargabetu zizkigutela 100 urte bete ziren egunean, 1976ko uztailaren 21ean, ekitaldi sinbolikoa egin zen Bergaran. Diktadura amaituta, zapalketatik ateratzeko bidea ireki nahi zen, foruen esanahia aldarrikatuz.

Bergarako ekitaldi hura Alkateen Mugimenduko alkate talde batek antolatu zuen. Aurpegia eta ahotsa orduko alkateak jarri zion, Jose Luis Elkorok, eta han zeuden Eibarko Juan San Martin, Arrasateko Jose Antonio Altuna, Zarauzko Imanol Murua, Elgetako Patxi Basauri eta beste hainbat. Guztira 99 herritako ordezkariak etorri ziren Bergaratik egindako deiari erantzunez.

Bukaeran irakurri zen manifestua hitz neurtuz betea zegoen. Ez ziren berriketako uneak: Rodolfo Martin Villa zen Gobernazio Ministroa eta ia bost hilabete lehenago, martxoaren 3an, Gasteizko gertakari larriak.

Bergarako hartaz ez zait ahaztuko alkate-zinegotzi haiei udaletxean egin zitzaien harrera eta handik Ariznoako San Pedro elizara nola joan ziren meza entzutera, musika banda eta txistulariekin.  Bakoitza bere herriaren izena zeraman kartelaren atzetik. Batzuk banderekin eta beste batzuk gabe. Udaletxetik irten ahala sekulako eta etenik gabeko txalo zaparrada baten soinuarekin zetozen Ariznoa plazarantz, jendetza artean pasatzen. Eliza aurrean geundenok konturatu ginen, haietako batzuk pasatzean txalo jasa hura txalo erritmiko bihurtzen zela. Bitxia. Gure parera heldu zirenean ulertu genuen zergatik. Nafarrak ziren. Burua tente, bihotza hunkituta, begiak bustita. Foruen aboliziotik ehun urte igarota, berriro elkarrekin geunden 1976an.

2026an ere dei eta gogo hura dabil: Euskal Herria eta euskaldunak Euskadi aske batean elkartzeko nahia.

Andoni Larrañaga Mendizabal. Bergara.

gipuzko
gipuzko@gipuzko.eus